Euskal Konfederazioak Prefetaren erasoak salatu eta manifestaldira deitu du
Urriaren 5ean Euskal Konfederazioak prentsaurrekoa eman du Baionako Suprefeturaren aitzinean azken asteotan Simon Fetet Pirinio-Atlantikoetako Prefetak euskararen kontra hartu neurriak salatzeko.
Herri kontseiluek hartu deliberoak
Euskal Konfederazioko ordezkariek eskertu dute orain arte euskararen ezagupen ofiziala bozkatu duten 15 herriak, euskararen aldeko neurri konkretuak plangintzatu aitzin delibero sinboliko horien garrantzi politikoa azpimarratuz. Ondoko aste eta hilabeteetan beste herri batzuek antzeko deliberoak hartuko dituztela gaineratu dute.
Ondotik, Prefetak “ofizialki” hitza daramaten deliberoak auzitegi administratibora eraman izana zentzugabekeriatzat jo dute, oroitaraziz hizkuntza bat lurraldeko hizkuntza gisa aitortzeak ez duela eskubide berririk sortzen eta Kontseilu Konstituzionakak berak ebatzi zuela "Eskualdeetako hizkuntzak Frantziako ondarearen parte dira" dioen 75-1 artikuluak ez duela eskubide edo askatasun berririk sortzen.
Euskal Konfederazioko ordezkariek segitu dute gogoratuz “ofizialki” hitza agertu ala ez herriko kontseilu batek bozkatu edozein delibero, berez, ofiziala dela, eta oroitarazi dute 2018an Euskal Hirigine Elkargoak antzeko deliberoa bozkatu zuela (“ofizialki” hitza baliatuz) eta garaian delibero hori legezkotzat eman zela.
Bukatu dute zehaztuz 2018tik hona testuak eta lege koadroa ez direla aldatu eta aldatu den gauza bakarra Prefeten jarrera dela, Frantziako administrazioaren jarrera gogortzea islatuz.
Larresoro
Ondotik, Larresoroko herriaren kasua hartu dute jarrera gogortze horren adibide: 2016an, delibero bidez, Larresoroko herriko kontseiluak karrikei euskarazko izenak ematea deliberatu zuten. Egungo Prefetak hartu neurriaren ondotik, garaian legezkotzat eman zen deliberoa ezeztatu da, horrek terrenoan euskarak gibel egitea suposatzen duelarik. Gibelatze hori onartezintzat jo du elkarteak.
Beskoitze
Beskoitzeko kasua ere izan dute hizpide Euskal Konfederaziokoek. Prefetaren esku-hartzearen ondorioz, Beskoitzek bere barne araudia aldatu beharko du: lehen kontseilariek hitza euskaraz hartzen ahal zuten frantsesezko itzulpena egin aitzin, hemendik goiti ez da gehiago posible izanen. 2024an Kataluniako herrien kontra erabili jurisprudentzian oinarrituz, euskararen eta kontseilariek euskaraz aritzeko duten eskubidearen kontrako sekulako erasoa da Prefetak burutu duena.
Legea aldatu
Aldaketak izan badira ere (2008ko aldaketa konstituzionala, Molac legea...), Frantziako gaur egungo lege koadroak ez ditu euskara bezalako hizkuntza gutxiagotuak babesten, eta, are, Konstituzioaren 2. artikuluaren interpretazio gero eta murritzaileagoa eginez, oztopo gehiago jarrri eta gibelapenak inposatzen dizkiete.
Egoera hori iraultzeko, Euskal Konfederazioak argi du Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatu behar dela eta Frantzian administrazioari inposatuko zaion hizkuntza lege orokor bat behar dela, euskara babestuko duena, eta arlo guzietan hiztunen hizkuntza eskubideak azkenean errespetatuko dituena.
Elkarteak zehaztu du hain zuzen parte hartzen duen Pour Que Vivent Nos Langues (PQVNL) elkarteak joan den astean berean, Villers-Cotterêts herrian eman prentsaurreko bidez, jakinarazi duela Presidentzialetan aurkeztuko diren hautagaiak interpelatuko dituela bi gai horien inguruan.
Azaroaren 21eko manifestazioa
Prentsaurrekoan bukaeran, Euskal Konfederazioko ordezkariek azpimarratu dute hemengo hautetsi eta arduradun politikoek ere bere erantzukizunak hartu behar dituztela, eta deitu dituzte azaroaren 21ean euskararen koofizialtasuna aldarrikapen nagusia izanen duen “Euskararen garaia da” Baionako manifestaldian parte hartzera, orain arte Manifestua izenpetu duten ehun elkartek baino gehiagok eginen duten bezala.
