Euskararen aldeko mobilizazio handia: azaroaren 21ean, denak Baionara!

Hilabete baten buruan, gaurko egunez, euskararen aldeko manifestaldi handia eginen dugu Baionan.

Euskal Konfederazioko kideok, data sinboliko honetaz baliatzen gara herritar guziak manifestaldi honetan parte har dezaten deitzeko, ahalik eta jendetsuena izan dadin.

Azken egun eta aste hauetan Prefetak egin dituen mehatxuek argi erakusten dute euskararen alde mobilizatzea beharrezkoa dela. Euskarak bizirik iraun dezan, gure hizkuntzaren aldeko hautua errespetatua izan dadin eta euskaraz bizitzeko eskubidea bermatua izan dadin, ezinbestekoa da gure lurraldeko herritarrek indarra eta elkartasuna agertzea.

Egun osoko egitarau aberatsa Baionako karriketan
Manifestaldia 16:00etan abiatuko da Laugatik. Baina mobilizazio eguna goizean hasiko da, euskararen eta euskal kulturaren aldeko topaketa eta ospakizun giroan:
• 11:00etatik aitzina: animazioak eta hitzorduak egun osoan zehar denentzat.
• 16:00etan: euskararen aldeko manifestaldi handia, Laugatik abiatuta.
• 18:00etatik aitzina: gaualdia, giro goxo, herrikoi eta familiarrean, elkarrekin euskararen aldeko atxikimendua ospatzeko.

Euskaltzale guziak gomitatuak dira: euskarari atxikiak direnak, euskaraz mintzatzen direnak eta oraindik ikasten ari direnak, euskara transmititzen duten familiak, ikasleak, langileak, artistak, kirolariak, hautetsiak, merkatariak eta enpresariak, hemen sortuak nahiz Euskal Herrira etorri berriak. Euskararen geroa denen eskuetan da.

175 elkartek izenpetu dute Manifestua: mobilizazioa indartzeko garaia da!
Gaur arte, 175 elkartek izenpetu dute azaroaren 21eko manifestaldiaren aldeko Manifestua. Atxikimendu horrek, euskararen aldeko engaiamendua bizirik dela eta gizartearen hainbat sektoretan partekatzen dela erakusten du.

Baina mobilizazioa are gehiago zabaltzea beharrezkoa da. Iparraldeko elkarte eta herritar guziak Manifestua izenpetzera eta ingurukoak mobilizatzera deitzen ditugu. Elkarrekin, azaroaren 21a ez dadin manifestaldi bat gehiago izan: euskararekiko atxikimenduaren erakustaldi herrikoi eta masiboa izan dadin, euskararen biziberritze prozesuan aro berri bati bidea idekitzeko.

Azaroaren 21ean, denak Baionara! Euskaltzaleon garaia da, euskararen garaia da.